Ikuspegia
Bilobilaren helburua ehungintzaren sektorearen birlokalizazioan harri-koskor txiki bat jartzea da, pertsonekiko zein animaliekiko ahalik eta errespeturik handiena duen giza eskalako abeltzaintza baten bitartez beti ere.
Ehungintza, munduko hirugarren industria kutsakorrena da. Baina ez hori bakarrik: Askotan zalantzan jartzen da ekoizpenean inplikatutako pertsonen giza eskubideen errespetua eta animalien ongizatea.
Erosten dugun arropen ehunen ekoizpena eta eraldaketa oso prozesu garestia da, jabetzen ez garen arren. Mohairra lortzeko, animalien eguneroko zaintzatik hasi eta jantziaren azken elaborazioraino, faktore anitz sartzen dira jokoan: meteorologia, jende askoren lana, makineria, garraioa... Horregatik, ehun kontsumo askoz arduratsuagoa egitea litzateke egokiena; gutxiago erostea, bigarren eskukoa, kalitatezkoa eta bertakoa izatea.
Horretaz gain, bilobila landa-ingurune pribilegiatu batean kokatutako bizimodua eta ogibidea izan nahi du. Garrantzitsuak diren balio eta printzipioak jarraituz lan egin nahi dugu bertan. Abeltzaintza eta nekazaritza aktiboago, ekologikoago, gardenago, hurbilago, koherenteago eta gizatiarrago baten aldeko engaiamendua dugu. Gure gogoa lurrarekiko lotura indartzea litzateke, haurtzarotik abeltzaintza eta nekazaritzaren inguruko sentsibilizazioa eginez.
Azkenik, eskerrak eman nahi nizkieke proiektu hau, modu batean edo bestean, hasieratik lagundu duten eta oraindik ere anitz laguntzen duten pertsonei: gurasoak, gainerako familia eta lagunak. Baita Abaurregaineko Udalari ere. Izenen zerrenda luzea litzateke. Haiek gabe proiektu hau ez litzateke posible izanen.