Nor gara
Proiektu honen atzean ahuntz jator batzuk (Ursula, Urumehea, Pinson...) eta ni neu gaude.
Ni, Areta naiz. Landa eremutik nahiko gertu hazi naizen arren, ez naiz abeltzainen alaba. Nekazal ingeniaritza ikasi nuen Nafarroan eta Belgikan. Baina Angora ahuntzak jartzeko ideiaren hazia orain dela 10 urte Baionako nekazal azoka batean agertu zen. Animali hauek eta haien produktuak ezagutzeko aukera izan nuen. Nire arreta deitu zuten. Beranduago, poliki-poliki iparraldeko nekazal mundua ezagutu nuen. Bertako dinamismoa, lurrarekiko lotura eta nire inguruan hainbat lagunek horrekin sortu duten bizimodua, eredu izan dira niretzat. Hazia betetzen zihoan konturatu gabe. Bitartean, beste hainbat lanetan ibili naiz bai lehen sektorean, bai irakaskuntzan ere. Guztiak izan dira aberasgarri.
Gaur egun, bildutako ezagutzak proiektu honetan uztartu nahi ditut. Kontziente izanik abeltzain izateak ezagutza eta trebezia anitz eskatzen dituela; animalien eta ingurumenaren ezagutza sakona, mekanika, kontabilitatea, kudeaketa, diseinua, komunikazioa... asko ikasi dut jada eta asko dut oraindik ikasteko.
Bizitzen ari naizen abentura hau zuekin partekatzeko gogoz nago.